#hilak8

URTARRILA

TIK-TAK, TIK-TAK

Aspalditik dakite Alarde baztertzaile eta fosilduaren aldeko pertsona eta erakunde sutsuenek ere, Alarde parekidearen aldekook ez garela desagertuko. Ahalegindu dira, baina jakin badakite ez dagoela atzerabiderik, gero eta gehiago garela.
Denbora irabazi nahi dute eta irabazi dute, baina denbora bukatzen ari zaiela jakinda.
Tik-tak, tik-tak, aspaldi hasi zen atzera-kontua.
Aurrera goaz berdintasunerako bidean, pausoz pauso, urtez urte.


OTSAILA

FEMINISMOARI ESKER

Gauza nabarmena da ez hain aspaldian normala, are berezkoa iruditzen zitzaigun hainbat kontu, onartezinak direla guretzat gaur egun. Zer esanik ez emakumeoi dagokigunez. Bizirik daude edozertarako senarraren baimena behar zuten emazteak, hurbil ditugu hainbat lanbide ukatua zuten emakumeak.
Aldaketa onuragarri hori ez da berez gertatu, feminismoak bultzatu duelako gertatu da.
Horregatik iruditzen zaio orain hondarribiar askori onartezina Jaizkibel Konpainiaren aldarriak hasierako urtetan sufritu zuen jazarpena. Irain haiek, plastiko haiek …
Feminismoaren azken olatuaren eraginez utzi dugu atzean jokabide hura, ez iraingileen edo plastiko beltza eusten zutenen borondatez.


MARTXOA

URTE OSOA MOREZ

Duela 30 urte Hondarribiko alardean gizon eta emakumeon arteko berdintasuna aldarrikatu zutenek ezer gutxi asmatu zuten: parekidetasuna besterik ez zuten eskatzen, parekidetasuna festetan ere bai.
Eta halere, oraindik bizirik dirauen borroka jarri zuten martxan. Batzuentzat, gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasuna urtean egun bakar batez loratzen den landarea da, Martxoaren 8an.
Jaizkibel Konpainiak, ordea, egunero loratzen den landarea landatu du. Ez da aski urtean egun bat kolore moreko pankarta zabaltzea. Guk morez pintatu nahi dugu urte osoa, irailaren 8a barne.


APIRILA

ETENGABEKO KATEA

1.993. urtean, irailean, aurkeztu zuten, emakume batzuk, lehen eskaera Alardean parte hartu ahal izateko. Geroztik urtero errepikatzen den zikloa sortu da, zirkulu zoroa.
Irailaren 8a eta gero, egun gutxitan, agintariek interes apur azaltzen dute. Interes hori desagertu da Eguberrietarako eta negu osoan agintariek ez dute arazoa konpontzeko ezer egiten. Gero, udaberriak aurrera egin ahala, Sanmartzialak hurbil daudenean, esaten dute baietz, arazoa konpondu nahi dutela. Ezer egin gabe, noski. Uda ere ez omen da sasoi aproposa, Irailaren 8a hurbil dagoelako.
Horrela heltzen gara hurrengo Alardearen egunera. Urte osoan, agintarien eta zuzenean udalaren gobernuaren utzikeria da nagusi. Hitz batzuk, gehienez jota hitzaldi bat urte osoan. Lotsarik gabe.
Gauza asko du atzetik utzikeria horrek baina begi bistan adierazten duena gaizkidetasuna da, Alardea emakumeoi debekatzen digutenekiko konplizitatea.
Gurpil hori eten nahi izan du Jaizkibel Konpainiak urtetan. Ez dugu helburua lortu, baina ez dugu etsiko.


MAIATZA

INPOSAKETARI EUTSI

“Ez dutela nahi, ez dutela nahi, ez dutela elkarrizketa nahi. Zer nahi dute, zer nahi dute? Inposaketa nahi dute”.
Ze inposaketa? Aspalditik indarrean dagoena, aspalditik inposatu
digutena: emakumeoi dagokiguna, Alardean parte hartzeko debekua. Ez
dute debekatua etorkinek edo urtean bizpahiru aste Hondarribian ematen
duten udatiarrek, baldin eta gizonezkoak badira.
Emakumeoi inposatzen zaigu debekua, guri, ez beste inori.
Eta horri eutsi nahi diote, inposaketarekin jarraitu nahi dute.


EKAINA

GEHIENGO OSOA

Esaten dugu eguzkia gordetzen dela, esaten dugu haizea libre dela. Baina jakin badakigu lurra dela eguzkiari bira ematen diona, inguruko baldintzek eragiten dutela haizearen norabidea.
Oraingoan, atmosfera politikoaren baldintzek aldatu egin dute haizearen norabidea. Hondarribiko alkatetza irabazi duen alderdiak Alarde publiko, bakarra eta parekidea aldarrikatzen du eta jarrera bera dute beste indar bateko bi zinegotzik. Beraz, gehiengo osoa. Agintetik kanpo gelditu da 30 urtez Alardearen eboluzioari kontra egin dion alderdia.
Eta aldaketa horrek sendo aurkitu du Jaizkibel Konpainia, bandera zabalik. Gero eta gehiago gara Alardearen auzian konponbidea landu nahi dugunok, parekidetasunaren alde egiten dugunok, gero eta gutxiago Alardea dagoen horretan utzi nahi dutenak.


UZTAILA

ZER DA ZURETZAT JAIZKIBEL?

Batzuentzat babeslekua izan eta da, festa eta lagun giroan disfrutatzeko giroa beste askorentzat. Gehiengoentzat, emakumeen eskubideen alde egiteko aterpe eta bozgorailu bat ere da Jaizkibel. Elkarrekin ikasi, irri egin, kantatu, izerdi eta negar egiteko sare bat, eta ez bakarrik irailaren 8an.Mugarri bat. Etorkizun hobea izango dugun froga.

Eta zuretzat, zer da Jaizkibel?


ABUZTUA

ZER DA ZURETZAT JAIZKIBEL?

Galdera hau zabaldu genuen aurreko batean eta berriro heldu nahi diogu!

Zer eman dizu, zer sorrarazi, zer erakutsi dizu?

Zuen ahotsak entzun nahi ditugu, beraz, hemen gure proposamena: bidali zuen erantzunak bideo, ahots mezu edo modu idatzian gure sare sozialetara edo jaizkibelkonpainia@gmail.com helbidera irailaren 7a baina lehen.


URRIA

Hilabete bat

Hilabete bat pasa dagoeneko irailaren 8tik. Hilabete eskas, baina gauza asko bizi izan ditugu egun hauetan ere. Eguna urruti edo gertu sentitu dezakegu, baina orain garrantzitsuena denbora ondo erabiltzea da. Pausoz pauso, bidelagun onenekin eta betiere irmoki, lanean jarraitzeko momentua dugu. Ez dezagun denbora galdu eta eraiki dezagun datorren urtean biziko dugun irailaren 8 ezberdin bat.

Gaur eta egunero, gora jaizkibel!


AZAROA

Gora giza eskubideak

Aurtengo abenduan beteko ditu 75 urte Giza Eskubideen Aldarriak.
Bistan da ez direla mundu osoan betetzen, ezta gurean ere. Inor gutxik esango dizu Aldarri horren kontra dagoenik, asko dira, ordea, iskin egiten diotenak. Hondarribian, besteak beste, ez da betetzen gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasuna. Emakume garelako ukatzen digute Alardean parte hartzeko eskubidea. Tradizioaren izenean, hori bai, Nazio Batuek, Giza Eskubideak aintzat hartu aurreko tradizio baten izenean. Jaizkibel Konpainiak ez du arrazoi asko sufritu duelako edo amore eman ez duelako, jo-ta-ke, Giza Eskubideen Aldarriaren babesa dugulako baizik. Tradizioak eta Giza Eskubideek talka egiten dutenean, arrazoia Giza Eskubideena da.